GASTUAK
Ikasketak hasi baino lehen ondo aztertu zein nolako gastuak izango dituzun eta nola ordainduko dituzun zure ikasketak. Ikastetxe bakoitzak bere prezioak finkatzen ditu.
Barnetegi pribatuetan jasotzen duzun hezkuntzagatik, ostatuarengatik eta janariarengatik ordaindu beharko duzu. Ikasle gazteenen kasuan, ordaindu beharreko kopurua, batez beste, 6.000 libera ingurukoa da hiruhileko bakoitzeko. Sixth form mailan (seigarren maila, 16 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat bigarren mailako hezkuntzan diren aukerako azken bi urteak) kopuru hori 9.000 liberetaraino igo daiteke.
Barnetegi publikoetan hezkuntza doakoa da baina ostatuarengatik eta janariarengatik ordaindu beharko duzu. Kasu horretan, ordaindu beharreko kopurua erdiraino jaitsi daiteke eta, hiruhileko bakoitzeko, 2.000 eta 4.000 libera arteko izan daiteke.
Barnetegiko kuotak, normalean, ostatua, janaria eta edariak eta garbiketa zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen dira. Hala ere, bestelako ordainketak egin beharko dira, adibidez, uniformea, liburuak, bidaiak, txangoak... Barnetegian bertan galdetu beharko duzu kuotekin zein gastu ordaintzen diren eta zein gastu geratzen diren kanpoan.
Kontuan hartu beharko dituzun bestelako gastuak:
- Erresuma Batura bidaia
- Osasun eta bidaia-aseguruak
- Bizitza soziala egiteko dirua: zinera joateko, goxokiak erosteko, aisialdirako...
BEKA EDO LAGUNTZAREN BAT JASO DEZAKET?
Britainiar barnetegietan ikasten ari diren hainbat ikaslek beka edo diru-laguntzaren bat dute. Beka batek ordaindu beharreko tasetan murrizketa bat suposatzen du, normalean, alor zehatz batean frogatutako bikaintasuna dela eta, adibidez, lan akademiko batean edo musikan. Bekak ordainsari guztiak ordaintzeko gaitasuna ez duten ikasleei eskaintzen zaien laguntzak dira. Bekak, diru-laguntzak edo finantzaketa lortzeko lehia oso handia izaten da baina merezi du eskura dituzun aukerak aztertzea.